Nagusilan ezagutzeko hitzaldia emango dute Kultur Elkartean

Berriketan 2024ko api. 23a, 09:42

Gaur (apirilak 23) izango da hitzordua, 18:00etan hasita. Arbil Elkarte Sozialeko kideek gaian interesa duten herritar guztiak, baina, batez ere, gazteak gonbidatu dituzte solasaldira.

Arbil Elkarte Sozialak antolatuta, eta Nagusilan erakundearekin lankidetzan, Zer dira astean bi ordu? Egin aurre bakardadeari izeneko hitzaldia izango da gaur (apirilak 23), 18:00etan, Kultur Elkartean. Arbileko kideek aurreratu dutenez, Nagusilan zer den eta erakunde horretan nola lan egiten duten azalduko dute hitzordura gonbidatu dituzten zenbait boluntariok. 

Arbiletik zehaztu dutenez, otsailean adinekoen bakardadeari buruz egin zituzten jardunaldietan sortu zen hurrengo solasaldirako ideia. "Aipatu ziren gaien artean, Nagusilan bezalako erakundeen egungo zerbitzuak indartzea eta belaunaldien arteko jarduerak martxan jartzea ideia onak iruditu zitzaizkigun han bildutako guztioi; horri lotuta dator, hain zuzen ere, antolatu dugun ekitaldia".

Zer da Nagusilan?

Boluntarioz osatutako eta irabazi asmorik gabeko elkartea da Nagusilan. Konpainia beharra duten pertsonak zaintzen eta laguntzen ditu, eta askotarikoak dira antolatzen dituen jarduerak. "Gure helburua da nahi gabeko bakartasun-egoeran dauden adineko pertsonei laguntzea. Gainera, zahartze aktiboa sustatzen dugu konpromiso solidarioaren bidez, laguntza sozialeko eta afektiboko beharrak betez".