Debako Udalak Cita Alzheimer Fundazioarekin duen lankidetza-hitzarmena berritu du

Berriketan 2024ko api. 22a, 09:10
IƱaki Erguin Cita Alzheimer Fundazioko ordezkaria eta Alazne Txurruka Debako alkatea hitzamena sinatzen. DEBAKO UDALA

Bi erakundeek sinatu berri duten hitzarmenari esker, ExerCita Programa deritzon egitasmo berritzailea ezarriko dute Deban. Programari buruzko xehetasun gehiago emateko, hitzaldi informatiboa antolatu dute.

Osasun kognitiboa sustatzeko bidean, Cita Alzheimer Fundazioarekin duen konpromisoa berritu du Debako Udalak. Akordio horri esker, ExerCita Programa deritzon egitasmo berritzailea jarriko dute martxan Deban. "Hitzarmen honen bidez, Debako Udalak jarraipena eman dio Cita Alzheimer Fundazioarekin duela hainbat urtetatik duen lankidetzari, debarren osasun kognitiboa elkarlanean zaintzen eta bermatzen jarraitzeko. Hitzarmenaren helburu nagusia da Debako 60 urtetik gorako pertsonen funtzio kognitiboak landu eta hobetzea, memoria-ararazo arinak dituztenentzat euskarri integrala eskainiz", zehaztu dute udal ordezkariek.

Jakitera eman dutenez, ExerCitaPrograma herriko 60 urtetik gorako pertsonen osasun kognitiboa zaintzeko dago diseinatuta eta kognitiboki osasuntsuak direnei, baina memoria-arazo arinak dituztenei dago zuzenduta. Programak sei hilabeteko iraupena du eta estimulazioa kognitiboan oinarritzen da, "60 urtetik gorakoen eguneroko bizitzako funtsezko funtzio kognitiboak landu, indartu eta zaintzeko". Egitasmoak, gainera, funtzio kognitiboak zer diren eta horietako bakoitzak eguneroko bizitzan duten garrantzia ulertzearen garrantzia ere azpimarratzen du.

Informazio bilera eta izen-ematea

Egitasmoari buruzko xehetasun gehiago emateko, hitzaldi informatiboa antolatu dute. Gaur (apirilak 22) izango da hitzordua, 11:00etan, Kultur Elkartean. "Saio hau interesa duten guztientzat irekia izango da, eta aukera bikaina eskainiko du programaren eta honen onuren inguruan informatzeko".

Bestalde, programan parte hartzeko interesa dutenek honako estekan klik egin eta bertan agertzen den formularioa beteta izena eman dezakete.