Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak 2024 - Deba

EAJk irabazi ditu hauteskundeak, EH Bildurekin jarlekuetan berdinduta

Berriketan 2024ko api. 21a, 22:25

27na eserleku eskuratu dituzte EAJk eta EH Bilduk, baina jeltzaleek irabazi dituzte hauteskundeak botoetan. Hala ere, koalizio abertzaleak gorakada handia izan du bai botoetan, bai eserleku kopuruan. PSE-EE izan da hirugarren indarra Eusko Legebiltzarrean (12 eserleku lortuta). PPk 7 eserleku izango ditu, Voxek 1 eta Sumarrek 1. Elkarrekin Podemos Eusko Legebiltzarretik kanpo geratu da.

Berdindu egin dute eserleku kopuruan EAJk eta EH Bilduk 2024ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan, 27na aulkirekin. Hala ere, jeltzaleek lortu dute boto kopuru handiena; 370.554 boto, %35,22. Koalizio abertzaleak, bere aldetik, emaitza historikoak lortu ditu, lehen aldiz 300.000 botoen langa gaindituta (341.735 boto). Araban eta Gipuzkoan EH Bilduk irabazi du eta, Bizkaian, EAJk.

PSE-EE izan da hirugarren indarra 149.660 boto eta 12 aulki eskuratuta, eta gainera gorakada izan du botoen ehunekoei dagokionean –%13,65etik %14,22ra–; PPk 7 eserleku lortu ditu; eta Sumarrek eta Voxek bana.

Parte-hartzea %62,52koa izan da.