Haurren artean irakurzaletasuna bultzatzeko ekintza berezia antolatu du Liburutegia Denontzat Taldeak

Berriketan 2024ko api. 22a, 13:14

Bihar (apirilak 23) burutuko dute ekintza; Foruen Plazan izango da hitzordua, 16:30ean hasita.

Liburutegia Denontzat Taldeko kideek zehaztu dutenez, bihar (apirilak 23) mundu mailan ospatuko den Liburuaren Nazioarteko Eguna aitzakia hartuta antolatu dute ekintza. "Liburuaren Egunean ere liburuak hurbildu nahi dizkiegu umeei, eta irakurzaletasuna bultzatu". Biharko ekintzarekin, hain zuzen, liburutegia "kalera" eramateko asmoa dutela iragarri dute eta, horretarako, ipuinak ere jarriko dituzte umeen eskura.

Horrekin batera, umeentzat eskulan tailerra eta ipuin kontaketa saioa ere antolatu dituzte eta nahi duen guztiak, gainera, hilaren 11tik abian dagoen sinadura bilketan parte hartzeko aukera ere izango duela gogorarazi dute. "Liburutegia denontzat izatea nahi dugula eskatzeko sinadura orriak bertan izango ditugu".

Internet bidez

Taldeak, gainera, sinadurak Internet bidez jasotzeko kanpaina ere abiarazi du. Change.org plataformaren bitartez, 200 sinadura lortzea da helburua; 125 sinadura erdietsita, gaur-gaurkoz, helburuaren erdia beteta du taldeak.