Zubi Txiki Eguna ospatuko dute igandean

Berriketan 2024ko api. 25a, 10:22

Luzaro ikastetxeko Zubi Guraso Elkarteak Gaztelekuarekin elkarlanean antolatutako jaia Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikasleei (HH3-LH6) eta haien gurasoei dago zuzenduta; urtero antolatu ohi duten hitzorduaren elkartzeko ordua 17:00etan izango da, Zumardiko kioskoan.

Zubi Txiki Egunari begira, ekintzaz beteriko arratsalde "dibertigarria" prestatu duela iragarri du antolakuntzak. Zumardiko kioskoaren bueltan, oro har,  jolasak, pista-zirkuituak, eskulanak, musika... uztartuko dituen "festa giroa" nagusi izango dela adierazi dute.

Adinka antolatu dute eskaintza. HH3 eta HH5 bitarteko umeek, esaterako, kiosko parean (euria eginez gero, Aldats pilotalekura lekualdatuko dute ekintza) egingo diren jolas ezberdinez gozatu ahal izango dute. Zumardian zehar prestatuta egongo den eremuan burutuko dituzte jolasak eta, horretarako, gurasoen laguntza izango dutela esan dute.

LH1 eta LH6 bitarteko umeek, bestalde, eta taldeka antolatuta, herrian zehar egingo den ginkana jolasean parte hartu ahal izango dute. Aurreratu dutenez, aurtengorako aukeratu duten gaia Animaliak izango da. "Txoko bakoitzean, erronka bat egin ostean, puzzle zati bana emango zaie, hurrengo lekura heltzeko pistarekin batera. Jolas guztiak bukatu ondoren, puzzle bat osatzea izango da talde bakoitzaren helburua".

Arratsaldea biribiltzeko, parte hartzaile guztientzako ogitartekoak egongo dira. "Kontuan izango dira intolerantziak eta alergiak. Hala ere, zure seme-alabaren kasua gehiago zehaztu nahiko bazenu, idatzi mezu bat debakogaztelekua2@gmail.com helbide elektronikora".

Izen-ematea

Izen-ematea eskolan bertan egingo dela zehaztu dute. "Ikasle bakoitzak bere gelan izena eman beharko du. Zerrenda ostiralean (apirilak 26) jasoko dugu geletatik". Haur Hezkuntzako haurrek, berriz, ez dute aurrez izenik eman beharko. "Nahikoa izango da egunean bertan gerturatzearekin".