Futboleko jolasen campusa antolatu du SD Eibarrek

Berriketan 2024ko api. 26a, 10:15
Gaztetxo batzuk campuseko ekintzetan parte hartzen. SD Eibar

2012 eta 2015 urte artean jaiotakoei dago bideratuta eskaintza eta Debatik ere autobusa jarriko dela jakitera eman du antolakuntzak. Soilik astelehenean (apirilak 29) eta asteartean (apirilak 30) eman ahal izango da izena.

SD Eibar Fundazioaren udako campusak hamargarren urteurrena beteko du aurten, eta iristen diren eskaera guztiei erantzuteko asmoz, berrikuntzak izango direla iragarri dute antolatzaileek. Alde batetik, bi eremutan egingo dituzte ekintzak. "Iaz plaza guztiak agortu ziren, eta haur batzuk bertaratu ezinik geratu zirenez, egoitzak zabaltzea erabaki dugu; Ipuruako Anexoan ez ezik, Unbeko udal instalazioetan ere egingo da campusa".

Beste berrikuntzetako bat, eskaintza Debabarrena eskualdera eta inguruetara zabaltzea izango dela gaineratu dute. Horretarako, autobusen lau ibilbide jarriko dituzte martxan. "Garraio zerbitzua ahalbidetzeko, txanda eta ibilbide bakoitzeko, gutxienez, lau neska-mutil izena emanda egon beharko dira".

  • Abadiño-Mallabia-Ermua-Eibar-Unbe/Anexoa
  • Deba-Elgoibar-Unbe/Anexoa
  • Azpeitia-Azkoitia-Bergara-Unbe/Anexoa
  • Iurreta-Berriz-Unbe/Anexoa

2012 eta 2015 urte artean jaiotakoei bideratuta dago eskaintza eta helburua da balioetan heziz, futbolarekin batera dibertsioa eta ingelesa uztartzea;  futbol entrenatzaileek, ingeles irakasleek eta pedagogo batek osatutako profesional talde batek gidatuko ditu saioak. "Gazteenek euren oporraldiaz modu ezberdinean gozatzeko aukera izango dute eta, dibertitzeaz gain, futbolaren eta SD Eibarren balioen mundu bakarrera hurbilduko gara".

Campuseko jarduerez gain, ingurumenari buruz kontzientziatzeko jarduera bat ere egingo dutela azaldu dute; txanda bakoitzean egingo da jarduera, Aztertu egitasmoarekin lankidetzan.

Txandak eta izen-ematea

Ekainaren 25etik uztailaren 13ra bitartean, astebeteko (astelehenetik larunbatera) hiru txandatan egingo da campusa.

  • Lehen txanda. Ekainaren 25etik 29ra, 09:00etatik 13.45era.
  • Bigarren txanda. Uztailaren 1etik 6ra, 09:00etatik 13.45era. 
  • Hirugarren txanda. Uztailaren 8tik 13ra, 09:00etatik 13:45era.

Izen-ematea, berriz, astelehenean (apirilak 29) zabalduko dute 10:00etan eta hurrengo eguneko (apirilak 30) 18:00ak arte egin ahal izango dira eskaerak. Adierazi dutenez, txanda bakoitzean ehun haur baino gehiagok parte hartu ahal izango dute ekintzetan.

Azpimarratu dutenez, izen-ematea aipatutako bi egun horietan egin beharko da. "Izen-ematea egin ondoren, mezu bat agertuko da pantailan, prozesua behar bezala bete dela baieztatzeko". Eskaera kopuruaren arabera esleituko dira plazak eta txanda bakoitzeko gehienezko plaza kopurua gaindituz gero, zozketa egingo dela zehaztu dute. "Campusean plaza bat eskatzen dutenek maiatzaren 6an posta elektronikoz jasoko dute baieztapena".

Txandei buruzko informazio gehiagorako: Campusari buruzko atarian sartu, campus@sdeibar.com posta elektronikora idatzi edo 943 20 18 31 (1 luzapena) telefono zenbakira deitu.