Historiaurreko Bailaran txango geologikoa egingo da maiatzaren 11n, Geolodia 2024 ekitaldiaren baitan

Berriketan 2024ko mai. 2a, 11:44

Asier Hilario Geoparkeko zuzendari zientifikoak eta Asier Gomez UPV/EHUko paleontologoak gidatuko dute ibilbidea. Antolakuntzatik jakitera eman dutenez, jardueran parte hartu ahal izateko plaza guztiak beteta daude. 

Ondare geologikoaren dibulgazioa sustatzeko helburuz, Euskal Kostaldeko Geoparkeak HAB Historiaurreko Bailara bertatik bertara ezagutzeko doako irteera gidatua antolatu du maiatzaren 11rako.Debako portutik abiatuko da txangoa, 09:30ean, eta lau bat orduko iraupena (13:30ak artekoa) izango duela aurreikusten dute. Edukiera mugatua izango du, gehienez ere 40 lagunek parte hartu ahal izango dute, eta aurrez eman behar da izena Internet bidez (ondorengo estekan: labur.eus/geolodia). Antolakuntzatik jakitera eman dutenez, jardueran parte hartu ahal izateko plaza guztiak beteta daude.

Geoparkeko arduradunek nabarmendu bezala, HAB "aire zabaleko museo liluragarria" da, "historiarrea ezagutzeko eta sentitzeko aukera paregabea ematen duena". Gaur-gaurkoz, hiru kilometro eta erdiko ibilbidea eskaintzen zaio bisitariari (ez da zirkularra). Norbere kabuz erraz egiteko moduko bidea da, nahiko laua ia bere osotasunean, eta irisgarria.

Debako portuaren inguruan kokatu dute ibilbidearen hasiera eta, Anes Arrinda pasealekutik abiatuta, zubi alderantz segi eta Sasiola ingururaino iristen da. Tartean, arkeologia- eta paleontologia-piezen erreplikak aurkituko ditu bisitariak, baita eguneroko eszenen irudiak eta informazio xehea ere, bailarako ikonografian inspiratutako 50 euskarriei esker. 

Dibulgazio geologikoa helburu

Txangoa Geolodia 2024ren baitan egingo da. Espainiako Geologia Elkarteak bultzatutako dibulgazio-izaerako ekitaldi geologiko bat da Geolodia, eta urtero egiten dute probintzia orotan. "Geologiaren zientzia herritarrengana hurbiltzea du helburu, landa-txangoak antolatuz. Ekitaldi horrek aukera paregabea ematen du erliebearen ezaugarri nagusiak eta gertuko lurralde-ingurunearen ezaugarri geologikoak ezagutzeko", nabarmendu dute.

Aurtengo ekimenak, Debakoa tartean, maiatzeko bigarren asteburuan egingo dira. Landa-irteerez gain, jarduera birtualak ere izango dira, hala nola bideo-ibilbide geologikoak, Geohitzaldiak eta bideojoko bat.