Lander Albizu txapeldunorde izan da Espainiako Autonomia Erkidegoen Futbol Txapelketan

Berriketan 2024ko api. 30a, 11:45

Lander Albizu, Las Rozasen (Madrilen), euskal selekzioaren ekipamendua soinean eta Amaikak Bateko bufanda eskuetan duela. AMAIKAK BAT

Amaikak Bateko kadeteen euskal ligako jokalaria euskal selekzioaren 16 urtez azpiko taldearekin aritu da. Aurrelari debarrak minutu batzuk jokatzeko aukera izan du Herrialde Katalanen aurka jokatutako finalean.

Apirilaren 25etik 28ra Espainiako Autonomia Erkidegoen Futbol Txapelketaren Urrezko Fasearen azken partidak jokatu dituzte Madrilgo Las Rozas futbol zelaian. Autonomia erkidegoetako selekzioak lehian jarri dituen txapelketa horretan, hain zuzen, 14 urtez azpikoen eta 16 urtez azpikoen selekzioek parte hartu dute eta tartean egon da Euskal Selekzioa ere. Amaikak Bateko ordezkariek azaldu dutenez, Lander Albizu Arauco aurrelaria Beñat Etxebarriak eta Jaime Zumalakarregik zuzentzen duten 16 urtez azpiko gizonezkoen selekzioarekin aritzeko hautatuetako bat izan da. Zehaztu dutenez, Amaikak Bateko kadeteen euskal ligako taldean aritzen da debarra.

Euskal Selekzioak bi partida jokatu ditu asteburuan. Ostiralean (apirilak 26) jokatutako finalaurrekoan bikain aritu ziren Albizuren taldekideak; 1-0 nagusitu ziren Madrileko selekzioaren aurka eta, horri esker, igandean (apirilak 28) jokatu zen finalerako txartela eskuratu zuen Euskal Selekzioak.

Euskal futbol selekzioaren 14 eta 16 urtez azpiko jokalariak, Madrilen. EUSKADIKO FUTBOL FEDERAKUNDEA

 

Igandean, berriz, Albizuren taldeak porrota jaso zuen Herrialde Katalanetako selekzioaren aurka (0-1); taldea gogor saiatu bazen ere, ezin izan zuen aurkarien gainetik jarri. Hortaz, Albizu parte izan den taldea txapeldunorde izan zen eta Herrialde Katalanek eskuratu zuten "hain preziatua" den kopa. Euskal Selekzioko ordezkariek azpimarratu dutenez, taldeak "maila itzela" erakutsi du txapelketan.

Partida oso lehiatua izan zen. Hasierako minutuetan euskaldunak berdegunean agintzen hasi baziren ere, kataluniarrek partida pixkanaka orekatzea lortu zuten eta 37. minutuan Pedro Fernandez Sarmiento Dro-k lortutako golari esker irabazi zuten. Bigarren zatian, indartsu zelairatu zen euskal taldea eta markagailua iraultzen ahalegindu bazen ere, ezin izan zuen berdinketaren gola lortu. Jokalari debarrak ere minutu batzuk jokatzeko aukera izan zuen. 9 zenbakidun jokalariak aulkian hasi zuen partida, baina 65. minutuan zelairatu zen, Beñat Aranbururen ordez.

Gol bat, sailkapen fasean

Azken fasean ez ezik, otsailaren 7tik 11ra Chipionan (Cadiz, Espainia) jokatu zen txapelketaren sailkapen fasean ere jokatzeko aukera izan zuen Albizuk, baita gol bat sartzeko ere. Hona fase horretako emaitzak:

  • Euskadi-Balearrak: 1-0 gailendu zen euskal taldea, Albizuren golari esker.
  • Euskadi-Valentzia: 0-1 porrota jaso zuten euskaldunek.
  • Gaztela eta Leon-Euskadi: 0-2 nagusitu zen euskal taldea.