Jende andana bildu zen 'Baso bete zientzia' jardunaldien lehen saioan

Berriketan 2024ko mai. 3a, 11:12

Eider Aldalur eta Miquel Saumell zientzialarien hitzaldiekin abiatu ziren atzo Baso bete zientzia jardunaldiak. Hamarnaka lagun batu ziren Kultur Elkartean.

Baso bete zientzia goiburupean, maiatzeko lau ostegunetan publiko orokorrari zuzendutako hitzaldi laburrak emango dituzte zientzialari debarrek, euskaraz, zientzia-dibulgazioa eta pintxo-potea uztartuz. Eta, aurreikusi bezala, atzo egin zen lehenbiziko saioa, Kultur Elkarteko aretoa lepo beteta.

Lehenik, Eider Aldalur Ingeniaritza mekanikoan doktoreak Gehitu edo ezabatu? Arku elektrikoan oinarritutako fabrikazio-gehigarria izenburuko hitzaldia eman zuen bertaratutakoen aurrean. Eta ondoren, zerbait jateko eta edateko atsedenaldia egin ostean, Miquel Saumell Farmakologian doktorearen txanda izan zen agertokian; Kanabinoideak kontsumo ludikoaz haratago. Zertarako balio dute? izenburuko solasaldia eskaini zuen. Hizlariei galderak egiteko eta eztabaidatzeko tarterik ere izan zen hitzorduan.