Martxoak 8 Deba-Itziar

Martxoaren 8ak Deban eta Itziarren lagatako irudiak

Berriketan 2024ko mar. 11a, 11:32

Aldarrikapen mobilizazioak, kultur jarduera bereziak... Emakumeen Nazioarteko Eguna ospatzeko ekitaldi ugari izan dira azken egunotan Deban eta Itziarren. Asteburuko hainbat irudi bildu ditugu.

Ostiralean (martxoak 8) eman zitzaien hasiera Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira antolatutako ekimenei. Eguerdian, adibidez, elkarretaratzea egin zuten Debako Foruen Plazan udal korporazioko kideek eta hainbat herritarrek. Iluntzean, berriz, Deba-Itziarko Talde Feministak deitutako manifestazio jendetsuak hartu zituen udalerriko kaleak (hemen irakur daiteke mobilizazioaren amaieran irakurritako manifestua) eta, jarraian, Kalean Kantuzeko kideek musikaz jantzi zuten ospakizun eta aldarrikapen eguna. Itziarren, berriz, Gora borroka feminista lelopean manifestazioa egin zuten arratsaldean, batukada herrikoiak lagunduta. Eta egun horretarako prestatutako manifestua irakurri ondoren, Andutz Dantza Taldearen saioa ere izan zen. 

Larunbat goizean, umeentzako jinkana feminista egin zuten Itziarren, eta arratsaldean "hainbat herritarrengandik jasotako iritziez eta ideiez eraikitako" ikus-entzunezkoaren proiekzioa izan zen Kalebarreneko lokalean. Halaber, Itziarko Erasoen Aurkako Taldea (IEAT) aurkeztu zuten jendaurrean.

Asteburuko egitaraua biribiltzeko, Debako Kontalariek ipuin kontaketa berezia egin zuten igande arratsaldean (atzo) Agirre jauregiko Ispiluen gelan. Eta Itziarren Lotura basatiak performancea taularatu zuten Goaz Antzerki Taldeko kideek Burugorriko lehen solairuan.