Debatik eta Itziartik Herri Urratsera joateko autobusa antolatu dute aurten ere

Berriketan 2024ko api. 25a, 12:03

Maiatzaren 12an ospatuko da Ipar Euskal Herriko ikastolen aldeko jaia Senperen. Txartelak salgai daude dagoeneko Zalburdi tabernan eta Bikain jatetxean, 15 euroan.

Aurtengoan ere, Herri Urratsera joan-etorria egiteko autobusa antolatu dute elkarlanean herriko hainbat gurasok eta Zuhatza Euskara Elkarteak. Autobusa 08:45ean abiatuko da Debatik, estalitako pasealekutik, eta hamar minutu beranduago jasoko du jendea Itziarko biribilgunean. Itzulera ordua 19:00etan izango da, Senperen. Txartelak salgai daude dagoeneko Zalburdi tabernan eta Bikain jatetxean, 15 euroan.

Maiatzaren 12an ospatuko da Ipar Euskal Herriko ikastolen aldeko jaia Senperen, Ortzadarra lelopean, eta Neomak taldearena izan da abestia sortzeko ardura. Iazkoa formatu "murriztuan" egin behar izan zen, eguraldi txarraren ondorioz, eta aurtengoa "inoiz baino handiagoa" izango dela aurreratu dute antolatzaileek; bi gune berri eta eszena bat gehiago izango ditu ikastolen aldeko festak.

Seaskako ordezkariek jaialdira bertaratzeko dei berezia egin diete Euskal Herri osoko euskaltzaleei, “euskararen kontrako oldarraldiari erantzuteko, eta munduaren aitzinean euskaraz bizi nahi duen herri bat erakusteko”. Eta, horrez gain, jakinarazi dute aurten bildutako dirua Beskoitzeko (Lapurdi) ikastola berria eraikitzeko izango dela. Horiek hala, deialdi horrekin bat eginez, gurean ere Senperera joateko gonbidapena egin diete Debako eta Itziarko euskaltzaleei.