Asola Berri taldeko Sergio Rodriguez nagusi Eibarko jaurtialdian

Berriketan 2024ko api. 26a, 11:36

Gipuzkoako Hiru Txirlo Bola Joko Txapelketaren bosgarren jaurtialdia jokatu zuten larunbatean Eibarko Asola Berriko bolatokian, eta etxeko bolariak gailendu ziren 82 parte hartzaileen artean.

Lau bolarik seina txirlo botatzea lortu zuten, eta, euren artekoan, Sergio Rodriguez eibartarrak eskuratu zuen lehenengo postua, Floreagako Gorka Etxaniz, Asola Berriko Garikoitz Rodriguez eta San Migueleko Anjel Ibarluzearen aurretik.

Une honetan Floreagako Santos Muñoz da nagusi txapelketaren sailkapen orokorrean, Asola Berriko Garikoitz Rodriguezi bi txirloko aldea aterata.

Asola Berrin jokatutako tiraldia aprobetxatuz, omenaldia egin zioten Bittor Astigarraga, Sumendixa-ri (beheko irudian). Urte luzez Asola Berriko bazkide izan da bera, zenbait bolatokiko ordezkari izateaz aparte, eta aurten Elgeta taldearekin jokatzen du.

Hurrengo jaurtialdia, txapelketako seigarrena, Leintz Gatzagako bolatokian jokatuko dute, bihar (apirilak 27), 17:00etan.