Angel Ibarluzeak irabazi du Leintz Gatzagako jaurtialdia

Berriketan 2024ko mai. 3a, 10:31

Leintz Gatzagako botaldiko irabazleak. BOLA JOKORAKO EUSKAL FEDERAZIOA

San Migel elkarteko bolari elgoibartarrak plenoa egin zuen Gipuzkoako Hiru Txirlo Bola Joko Txapelketaren seigarren jaurtialdian. Hurrengo jaurtialdia Soraluzeko Ezozi auzoan izango da, larunbatean (maiatzak 4), 17:00etan hasita.

Larunbatean (apirilak 27) Leintz Gatzagan jokatu zen Gipuzkoako Hiru Txirlo Bolo Joko Txapelketaren seigarren jaurtialdian 66 bolarik parte hartu zuten eta horien artean San Migel elkarteko Angel Ibarluzea nagusitu zela jakitera eman dute antolatzaileek. Bolari elgoibartarra bikain moldatu zen Leintz Gatzagan, izan ere, bederatzi txirlo botata, plenoa egin zuen.

Antolakuntzak, gainera, Luken Martino gaztetxoaren parte hartzea azpimarratu nahi izan du; plenoa egitetik bi txirlora geratu zen. "Erakustaldi ederra eman zuen; benjamin kategorian aritzen bada ere, nagusien mailan ibili zen". Markina-Xemeingo gaztetxoa eta Elgeta taldeko kidea federatu gabe dago eta eguneko sailkapenean agertu arren, ez zuen saririk jaso, horretarako bota aurretik ordaindu egin behar delako.

Honakoa izan zen bola jardunaldiko sailkapena:

  1. Angel Ibarluzea (San Migel), bederatzi txirlorekin.
  2. Gorka Bereziartua (Elgeta), zortzi txirlorekin.
  3. Olatz Arano (San Joxepe), zazpi txirlorekin.
  4. Boni Plaza (Elgeta), zazpi txirlorekin.
  5. Luken Martino (federatu gabea), zazpi txirlorekin.
  6. Geaxi Ezpeleta (Elgeta), sei txirlorekin.

Sailkapen nagusiari dagokionez, gaur-gaurkoz Azkoitiko Floreaga taldeko Santos Muñozek eusten dio aurreneko postuari; bigarren jardunaldian jarri zen lider eta ordutik eusten dio. Asola Berriko Garikoitz Rodriguez eibartarrak ere tinko eusten dio bigarren postuari. Hurrengo postuetan, berriz, aldaketak izan dira. Hona hemen sailkapen nagusia:

  1. Santos Muñoz (Floreaga), 31 puntu.
  2. Garikoitz Rodriguez (Asola Berri), 28 puntu.
  3. Boni Plaza (Elgeta), 24 puntu.
  4. Angel Ibarluzea (San Migel), 23 puntu.
  5. Erik Muñoz (Floreaga), 21 puntu.
  6. Alex Campo (Asola Berri), 21 puntu.