Itziarko Erromeria Eguna hamalaugarrenez

Ihintza Irizar Beristain 2024ko mai. 7a, 10:21

Ohiturek denbora behar izaten dute errotzeko eta Itziarren horren adibide da Erromeria Eguna. Aurten hamalaugarrena izan da eta, beti bezala, maiatzaren lehendabiziko zapatuan ospatu da. Egun osoko egitaraua osatu da aurten ere, goizean hasi eta goizeko ordu txikietaraino.

Herriko plazan egiten ari diren eskolako obra dela eta, aurten antolaketa ezberdina izan du Erromeria Egunak. Itziarko trikitilari eta dantzariak izan dira protagonista nagusiak Zubietako joaldunekin batera. 

Eguerdiko 12:00ak jo eta berehala eman zitzaion hasiera kale bueltari; joaldunak lehenbizi, ttuntturroa, joareak eta abarkak behar den bezala lotuta, eta trikitilariak eta panderojoleak jarraian, bestelako doinu eta erritmoekin. Berrogei bat lagun izango ziren, bada zerbait Itziar bezalako herri txiki baterako. Kaleak doinuz alaitu ondoren, Zabalsoro frontoian Andutz Dantza Taldeko eta Itziarko Trikiti Eskolako ikasleek emanaldia eskaini zuten. Betiko doinuak eta egungoak oinarri hartuta, hankak eta besoak elegantziaz astindu zituzten, ikasturtean zehar egindako lanaren adierazle.

Bazkalondoan Zabalsoro frontoian egin zen erromeria. Aurten bereziki herriko trikitilari gazteei eman nahi izan zaie aukera. Jon Ostolaza eta Rakel Pujana hasi, eta Elaia eta Jare ahizpa itziartarrak, Daniel Oiarbide eta Pello Urdangarin goierritarrak, Nagore Zulaika, Uxue Aranguren eta Sara Osa itziartarrak, eta Aitziber Arruabarrena eta Aritz Erasun irundarrak aritu ziren, hurrenez hurren, deskantsurako tarterik gabe. Arratsaldeko seietan hasi eta iluntzeko bederatziak arte fandango, arin-arin zein agarrauan dantzan aritu ziren bertaratutakoak. Horrez gain, DBH 3. mailako ikasleek ikasbidaia antolatzeko taberna jarri zuten. Jan-edana eskaintzeaz gain, bertako produktuez osatutako otarra zozkatu zuten.

Bikain jatetxean bapo afalduta eman zitzaion amaiera egunari. Ordura arte jotzen aritu zirenez gain, gainontzeko trikitilariek ere librian aritzeko aukera izan zuten goizaldera arte. Urtean behineko festa honek jarrai dezala Itziarren zegoen erromeriarako zaletasuna bizirik mantentzen.