Disfuntzionaltasuna

Gauzaren bat beti egin den erara egin ordez, ausardiaz, beste nolabait egiteari gure etxean “disfuntzional” deitzen diogu. Ez funtzionatzen ez duelako, baizik eta badirudielako ez lukeela ondo funtzionatu behar.

Ez dakit zergatik pentsatzen dugun zerbait puskatu egingo dela, jendeak atzamar salatzailearekin seinalatuko gaituela, edo epai eta sententzia zorrotzak jasoko ditugula… zerbait “gaizki” egin dugulako; disfuntzional.

Aurten gabon eguneko bazkariaren ordez, goizean mendi buelta egin nuen familiarekin, eta eguerdia eguzkitan patinatzen eman nuen, nik bakarrik. Mundua hutsik zegoen, dena niretzako. Eta egia esateko… aitortu beharra daukat, pixka bat bada ere, “disfuntzional” sentitu nintzela, A egin ordez B aukeratzeak kolokan jartzen nauela askotan. Baina aitortzen dut, era berean, nire disfuntzionaltasunean etxera pozik baino pozago itzuli nintzela. Azken batean, nahiago dudalako disfuntzionala den aukeratutako zerbait egin gustuko ez dudan behartutako zerbait baino.

Nire baitan neuzkan zenbait sinesmen berraztertzeko aukera eman dit gertaera puntual honek. Ze… hasiera batean sortzen zidan larritasuna alde batera utzita, ba al dakizue zer gertatu zen gabon bazkaria familian ez pasatzeagatik? Ezer ez. Ez zen ezer ere gertatu. Hurrengo egunean bizitzak normaltasunez jarraitu zion bere bideari.

Kopernikori esaldia hartuko diot maileguan amaitzeko: “Argi bakoitzak bere itzala duela, eta itzal bakoitzak, biharamun berri bat”.

Beraz, izan zaitez disfuntzional! Bihar, hutsetik hasteko aukera izango dugu berriz.