Amaitu berri dugun urteak gauza anitz ipini dizkit mutur parean. Aurretik ezagutzen ez genituen egoeren aurrean ikusi dugu gure burua eta horien aurrean zein jarrera hartu erabaki behar izan dugu; bakoitzak bere erara eta ahal izan dugun moduan. Eta zurrunbilo honetan konturatu naiz gizartea adituz beteta daukagula, toki guztietan dauzkagula, inguratuta gaudela, eta ez ditugula hain erraz engainatuko; dena baitakite.

Badakite birologiaz, sintomatologiaz, kutsaduraz, pertsona nagusientzat hoberena zer den, eta txikientzat, sanitarioentzat eta enpresarientzat, tabernariarentzat… Herrialde urrunenetako politikak edo kudeaketa-sistema efizienteenak sakon ezagutzen dituztenak, jende masentzako erabakiak hartzera ohituta daudenak eta gainera erabaki egokienak hartuko lituzketenak; beste batzuek eragin diztuzten triskantzak samur aurreikusi eta erraz baino errazago ekidingo lituzketenak.

Egia esan oso-oso harrituta nago ez nekielako hainbeste ezaguera eta jakituria neukanik hain gertu. Neure buruari galdetzen diot gizarte honek nola uzten digun hainbeste talentu alferrik galtzen eta “jakintsu” hauek harategian, herriko plazan, edo bizitza guztiz arruntak egiten egon ordez, nola ez dauden estamentu gorenetan mundua xuxen-xuxen kudeatu eta zuzentzen. Errex-errex. Hutsik egin gabe.

Nik 2021erako gonbidapena luzatzen dizuet denoi, jakitunak barne: esan gutxiago, egin gehiago… eta ondokoari hainbeste begiratu ordez, norberak mundua nola hobetu dezakeen pentsatu… eta egin. Norberak.