1920ko irailaren 29a: Debako itsasadarretik Ternuara

Indalecio Ojangurenek ateratako argazki honetan Rio Ego itsasontzia uretaratu zuten unea ikus daiteke. Lau mastako pailebot motako ontzi ederra zen, Astilleros del Deva S.A.-k eraikia; ontziola itsasadarraren Mutrikuko aldean zegoen, gero Plasticas Reiner enpresa egon zen lekuan. Gastañaga eta Errasti enpresari eibartarrak ziren ontziaren armadoreak. Ontziak 51,64 m-ko luzera zuen, eta 1921etik 1923ra bitartean kabotaje-bidaiak egin zituen penintsulako hainbat porturen artean. 1923an Frantziako La Morue Française et Sécheries de Fécamp enpresari saldu zioten, eta Zazpiakbat izena hartu zuen. Jatorri-portua Fécamp-en (Normandia Garaian) bazuen ere, belaz eta lurrunez propultsatutako itsasontzia Saint Pierre et Miquelon-en (Ternuan) matrikulatu zuten, eta ordutik bakailao gazia Ternuatik Frantziara arrantzatzen eta garraiatzen aritu zen. Hona hemen datu bitxi bat: bere garaian (1924an), Frantziako komunikabideek munduko arrantza-ontzirik handiena zela esan zuten.

Alex Turrillas Aranzeta