Labezomorroak

Bada izaki bizidun bat ia urte guztian gure artean, elkarren aldamenean, ahalik eta traba gutxien egiten bizitzen saiatzen dena. Denok ditugu ezagun, gertu, eta aldamenean pausatzen ez diren bitartean ez digute gehiegi molestatzen. Urte sasoiaren arabera, gehiago edo gutxiago azaltzen dira. Udaberrian, eguraldia epeltzen hasten denean, zuhaitzetan hosto berriak ernetzen hasten direnean, kolore biziz agertzen zaizkigu banaka, binaka, taldetxotan… Paisaiaren parte bihurtzen dira.

Zenbaitek umore onarekin, filosofiarekin hartzen dugu euren presentzia. Beste batzuk, ordea, gogaitu egiten dira. Egia esan, errepideak koloreztatzen dituzte udaberrian azaleratzen diren labezomorro koloretsu eta alai horiek. Alta, urriko eguraldi aldaketarekin, ostadarraren koloreak iluntzen joaten dira, goibeltzen eguraldia bezala; errepidea beltzez jantzitako izakiz betetzen da orduan.

Bai, txirrindulariez ari naiz, bai. Eguraldi onarekin, kolore alaiz jantzirik joaten dira, tropeltxo koloretsuak osatuz. Bizitza sortuz bidezidor guztietan. Aldiz, udazken-neguko hotza hasten denean, eguna iluntzearekin bat, euren koloreak ere iluntzen dira eta labezomorro bilakatzen; ingurunearekin bat eginez, zoritxarrez.

Gehiegi hurbildu arte ez gara ohartzen beltzez jantzitako lagun bat dugula aurrean; nahi baino beranduago ikusten dugu txirrindularia, eta susto galanta hartzen dugu. Norbere buruari galdezka jartzen gara orduan: zergatik ez dituzte udako kolore alai eta ikusgarri horiek neguko iluntasunean ere erabiltzen? Zer hoberik kolorez janztea baino?