Formakuntza, itsas zaborren bilketa eta surfa uztartzen dituen ekimena egingo da Deban

Berriketan 2024ko mai. 7a, 11:35

Maiatzaren 10ean eta 11n gauzatuko da ekimena, familiei zuzenduta. Izen-ematea etzira arte (maiatzak 9) egongo da zabalik, edota plazak agortu artean.

Hezkuntza, kontserbazioa eta kirola bateratzen dituen kontzientziazio eta ingurumen ekintza bat egingo da Deban asteburu honetan. Geoparkeak eta Surfrider Foundationek udalarekin lankidetzan antolatutako ekimena da, familiei zuzenduta egongo da, eta "herritarrak itsas ekosistemen babesean inplikatzea eta kirolaz (surfaz) gozatzea" du helburu.

Ostiralean (maiatzak 10) hasiko da jardunaldia. 17:30etik 19:30era bitartean, prestakuntza saio bat eskainiko da, Geoparkeari buruzko informazioa ezagutarazteko eta Surfriderren Ocean Initiatives programaren baitan itsasoko datuak eta zaborrak biltzeko teknika eraginkorrak ikasteko.

Larunbatean (maiatzak 11), berriz, zabor bilketa egingo da hondartzan, 10:00etan hasita, eta ondoren surf ikastaroa eskainiko da, 12:30ean, partaideek "itsasoaz modu zuzen eta pertsonalagoan goza dezaten". 

Ostiraleko formakuntza saioan eta larunbateko zabor bilketan 5 urtetik gorako haurrek parte hartu ahal izango dute (heldu batez lagunduta betiere), eta surf klasean, aldiz, 8 urtetik gorakoek.

Izen-ematea zabalik dago jadanik, ostegunera bitartean edota plazak agortu artean. Interesa dutenek mezua bidali beharko dute voluntariado@surfrider.eu helbidera. Azaldu dutenez, lehentasuna izango dute aurreikusitako ekintza guztietan (formazioan, zabor bilketan eta surf klasean) izena ematen duten herritarrek.